XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BI BEGIAK
BEGI bat hemen eta
beste begi bat han:
ze desberdinak diren
zabal daudenean!

Batak dakus mendia;
besteak harana;
bakoitzak ikusten du
aurrean daukana;

batak dakus iparra,
besteak hegoa;
hemengoak haritza,
hangoak pagoa.

Begi bakoitzak, beraz,
bere egia dauka:
laster dugu egia
egiaren aurka,

iparreko urruna
hegoan baita hur;
haraneko euria
mendian da elur.

Biak dira egiak,
biak gezur dira:
bakoitza bereari
begira bizi da.

Beste begi horrentzat
harri hori, hezur:
gezurra du egia,
egia du gezur.

Begi bat hemen eta
beste begi bat han:
biak berdinak dira
daudenean lotan.